Arte garaikidearen eskutik aniztasunaren kontzeptura hurbiltzen

Arte garaikideak bizi garen gizarteko gertuko gaiak islatzen ditu, egun bizi ditugun errealitateko gaiak modu ezberdinetan erakusteko aukera eskainiz. Hortaz, eztabaida politiko eta sozialerako gune izateaz gain, hezkuntzarako baliabide pedagogiko gisa lagungarria izan daiteke eta izan da, gu geu ikasle garen neurrian.

Egin dugun bidaia honetan zehar izan ditugun sentimendu kontrajarriek aniztasunaren kontzeptu sozialera hurbildu gaituzte, guztiak aniztasun horren parte sentiaraziz eta protagonista bihurtuz. Erakusketaren gidaria, dinamika parte-hartzaileen bitartez, gure sentimendu, sentsazio eta esperientzien bidelagun izan da; enpatia, zapalkuntza, pribilegio sentimendu... kontrajarriak biziaraziz. Ezagutza denon artean osatzen joan gara, guztion bizipenak lagungarriak izan direlarik hausnarketa sakonago baterako bidean. Honekin batera, lagungarria izan zaigu gidariak artelanak aurkezterakoan erabili duen modu librea; batetik, guri egindako galdera irekien bitartez egitea eta bestetik, interpretazio pertsonalerako aukera eskaintzea artelanen esanahira hurbiltzeko. Horrenbestez, irakasle izango garen heinean haurrei galdetzea eta libreki interpretatzen uztea ideia garrantzitsua dela ohartu gara haurrak ezagutzaz jabetzeko. 

Aniztasunaren inguruko hausnarketa sakonera bideratu gaitu bisita honek eta baita honen alderdi ezberdinez konturatzea. Alde batetik, aniztasuna elkarrekin osatzen dugun zerbait dela jabetu gara eta honako hau egunerokotasuneko gauza txikienetan ere aurkitzen dela. Nahiz eta guztiok anitzak izan, aldi berean sentimendu berberak sentitzeko gai gara, nahiz eta agian testuinguru ezberdinetan aurki gaitezken. Bidaia honetan, “arrotz” sentimendua izan da protagonista eta aniztasunaren alde iluna ezagutzen lagundu digu. Bertako artelan, eskultura, bideoak… gizakioi enpatizatzera eraman gaituela ohartu gara, nolabait esateko, modu batean edo bestean berdin sentitu izan garelako noizbait. Klikatu hemen erakusketaren nondik norakoak ezagutzeko. 

Bestalde, aniztasun hitza entzundakoan beti hitz, irudi edo ideia politak etortzen zaizkigu burura, baina benetan honen alde ilunez ohartzen al gara? 

Ideia honi eutsiz, erakusketak aniztasunaren alde ilunak ere erakutsi dizkigu: zapalkuntza, arrotz sentimendua, bazterketa, bidegabekeria eta aurreiritziak, besteak beste. Libanokoa den Lara Tabeten argazki ederrek adibidez, bortizkeria, pobrezia, esplotazioa eta hilketa jasotzen ditu, edertasunaren bitartez aniztasunaren alde ilun hauek bistaratu daitezkeela konturatzea kuriosoa izan da. Aniztasunaren alde ilunei buruz gogoeta egiten jarraituz, geure buruari galdera bat planteatu diogu honen inguruan: Haurrei errealitatearen alde ilunak bistaratzea komeni al da? kultura desberdinak erakusten dizkiegunean folkloreaz, janariez, hizkuntzaz gain, alde ilunak ere erakutsi beharko genizkieke? honen inguruko azterketa sakonago bat burutzea interesgarria litzatekeela uste dugu. 

Guzti honekin batera, ikusezinak diren lanak bistaratzearen garrantziaz ohartu gara, ikusezina den oro kontuan hartu behar baita ez izatearen arriskua ekiditeko. Ideia hau oso garrantzitsua da irakasle lanbidean, batzuetan ikusezinak diren ezberdintasun horiek kontuan hartu gabe geratzen baitira. Ideia honen inguruan, detaileen garrantzia ere azpimarratzekoa da, momentuan gertatzen diren gauzetan arreta jartzeak duen garrantzia hain zuzen. Haurrak “orainean” bizi dira, eta guk, momentu horri erantzun behar diogu, momentu oro gertatzen diren detaile guztiei garrantzia emanez eta denbora eskainiz.

Amaitzeko, irakasle identitatea eraikitzen ari garen bide honetan, geure burua ezagutzea ezinbestekoa dela ohartu gara, norberak bizi duena gela barrura eramango baitu. Estereotipatuak ditugun aurreiritziak identifikatzea komeni da, hauen aurrean lan pertsonal bat egin ahal izateko. Honetarako, tailer honek irakasle lanean dokumentazioak duen garrantzia erakutsi digu, baliabide interesgarria baita geure burua grabatu eta nola lan egiten dugun aztertu, ebaluatu eta hobetzeko.

Comentarios

Entradas populares de este blog

Décima sesión, creando el mapa conceptual.

Artea gizartea eraldatzeko tresna gisa

Aniztasunaren inguruan... aurreiritziak